Tag Archive for: navegador

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleak sorbaldako protesiak nabigatzailearekin jartzeko sistema bat ekarri berri du Bizkaira

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako Arloak, arlo horretan penintsulako iparraldeko erreferente nagusietako bat denak, bere zerbitzuen artean sartu berri du sorbaldako protesiak jartzea, Exactech GPS (e-GPS) infragorri bidezko nabigatzailearekin, bikaintasun zentroek mundu osoan gehien erabiltzen duten plangintza eta nabigazio sistema.

Iban Aransaez doktoreak, Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean sorbaldan espezializatutako traumatologoak, baloratu duen bezala, «sorbalda artikulatzeko (giza gorputzaren mugikortasun handiena duena) erreferentzia puntu anatomikoak ebaluatzeko zailtasunek, artikulazio hori tratatzeari eta bere konplexutasunari lotuak, tendoi eta lotailu ugarirekin, eragiten dute  gida sistema pertsonalizatuak bereziki egokiak izatea sorbaldako protesi osoko kirurgiarako».

Sistema berri horrekin, Aransaez doktoreak azaldu duenez, «protesiak jartzeko orduan zehaztasun askoz handiagoa lortzen da, kirurgia arruntetan edo, kasua balitz, gida pertsonalizatuen bidez batez beste lortzen dena baino. Horrek emaitza kirurgiko hobea eta ebakuntza ondoko mugikortasuna aurreratzea ahalbidetzen du. Bai pazientearentzat, bai zirujauarentzat, dena da abantaila».

Ebakuntzaren aurreko plangintza eta ebakuntza bitarteko nabigazioa

Sorbaldako protesia jartzeko prozesua kasu zehatz bakoitzaren plangintzarekin hasten da. Horrela, lehenik eta behin, pazienteari ebakuntza aurreko eskaner bat egiten zaio (tomografia axial konputerizatua) kaltetutako eremuan. Datu horiek hiru dimentsiotako berreraikitze software batek aztertzen ditu, eta, horri esker, inplanterik egokiena aukeratu eta haren kokapena optimiza daiteke, artikulazioen eta ardatz biomekanikoen degradazioaren arabera.

Ildo horretan, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko traumatologoak nabarmendu duenez, «aldagarritasun anatomiko handia dago omoplatoan edo eskapulan pazienteen artean (aldagarritasun hori are nabarmenagoa da artikulazio higaduraren ondorioak eta gero), eta horrek keinu kirurgikoa doitzera behartzen du. Eskaner bidezko plangintzak aukera ematen du ebakuntzaren barruan zirujauak deformazio anatomikoa gaizki interpretatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Analisi informatikoari esker, hezurren eta protesien arteko ukipenaren eta finkapenaren kalitatea estima daiteke, baita ebakuntza ondoko mugikortasuna aurreikusi ere. Ikus daitekeenez, nabigatzailearen erabilerak kalitate asistentzial handiagoa dakar».

Plangintza horrek guztiak aukera ematen dio zirujauari ebakuntza mahaian gerta daitezkeen zailtasun kirurgikoei aurrea hartzeko eta ebakuntza gelara planifikatu beharreko materialari eta inplanteei buruzko informazio zehatza helarazteko.

Nabigazioa ebakuntza aurreko prestakuntza horren luzapen naturala da, eta aurreikusitako prozedura ahalik eta zehatzen erreproduzitzeko aukera ematen du. «Egungo sistemak eskapulari eta tresnei ezarritako sentsore infragorrietan oinarritzen dira, eta horrek etengabeko lotura bermatzen du keinu kirurgikoaren eta plangintzaren datuen artean», azaldu du Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko traumatologoak.

Teknika robotikoetan ez bezala, zirujauak esku hartzearen kontrol osoa gordetzen du, eta nabigazio sistemak gidatzen eta zuzentzen du. Nabigatzailearekin egindako sorbaldako protesien ebakuntzaren iraupenari dagokionez, kirurgia konbentzionalaren ia berdina da. «Sentsoreak jartzeagatik eta anatomia eskurapenengatik kirurgia denbora luzatu izana konpentsatu egiten da gida prozedura sinplifikatzeagatik eta, ziurrenik, deformazioa zuzentzeko hautaketan ebakuntza barruko zalantzak murrizteagatik, alderdi horiek orain plangintza fasean baloratzen baitira», zehaztu du Aransaez doktoreak.

Argibideak

Oro har, sorbaldako artroplastia bat (protesi bat jartzea) eskatzen duten kausa ohikoenak honakoekin izaten dute zerikusia: «gleno-humeral artrosiarekin, artritis erreumatoidearekin, traumatismoen ondorioekin, mahuka birakariaren artropatia larriarekin, buru humeralaren nekrosi abaskularrarekin eta tumore erresekzioen ondorengo berreraikuntzarekin, besteak beste».

Hala ere, traumatologoak azpimarratu duenez, «kasu bakoitza arretaz baloratu behar du espezialistak, paziente bakoitzaren ezaugarrien eta aldaketa anatomopatologikoen arabera, eta, era berean, kontraindikazioak ere egon daitezke protesiak jartzeko».

Etengabeko berrikuntza traumatologia arloan

Sorbaldako protesiak nabigatzailearekin jartzeko sistema berri hau gehitu egiten zaie Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean jada erabilgarri dauden beste batzuei, belauneko protesiak (2018) eta aldakakoak (2022) jartzeko, nabigatzailearekin ere bai, eta, beste behin ere, abangoardia traumatologikoan kokatzen dute ospitalea.